Karrantza, 2015
Bideoa – 39:39 min – (euskarazko azpidatziak)

2015eko udako hilabeteetan, ibilbide bat egin genuen aurpegi beltzeko karrantzar ardi-arraza mantentzen duten artzain batzuen baserrietatik; baita haraneko irute prozesu tradizionala ezagutzen duten emakumeekin elkartu ere; haien lanak ikasi eta ezagutzeko, eta horietako zati bat bideografiko dokumentu baten bidez hurbiltzeko.

Esperientzia ahaztezina izan zen, izandako elkarrizketa luzeetan oso gai ezberdinak ikasi ditugu. Alde batetik, abeltzain familiak argi eta garbi kezkatuta agertzen dira lanbide hauen etorkizunarekin, belaunaldi-erreleborik ez dagoelako. Zer esanik ez artilearekin lotutako lanez; hala nola irutea edo kardatzea. Gaur egun, erabiltzen ez diren lanbideak dira. Karrantzako Haran osoan, lanbide hau egiten dakiten bi emakume laurogei urtetik gorako baino ez ditugu aurkitu: Encarna eta Femia.
Nahiz eta gaur egun ez praktikatu. Izan ere, gaur egun, beste leku askotan bezala, Karrantzako Haranean artilea zaborretara botatzen da… Dokumentu hau gure ikerketa-lanaren parte da, baserri-eredu berriak birpentsatzeko ideiari buruz, esperientzia sortzailetik abiatuta.